jueves, 2 de junio de 2011

Memoria historikoa, memoria histerikoa ote?

Nire laguna eta blog xume honen jarraitzaile bakarra den Gorkak bultzaturik, aspaldiko partez, sarrera berri bat egingo dut. Ez da nagikeria, ezta idazteko gogo falta ere ez: zorionez gauza asko gertatzen ari dira gure inguru hurbilean (eta ez hain hurbilean) idazteko motiborik izateko. Arazoa da interpretazioa: zelan ulertu begien aurretik pasatzen diren "laburmetrai arraro" horiek?. Zelan ordenatu gure bizitzaren sokatxoa osatzen duten hari koloristak? Zelan gorde gure memorian etengabe ailegatzen ari zaizkigun irudi, ahots, usain, ... bizipen desordenatu horiek guztiak?
Azkena komentatuko dut: Espainiako Historia Erret-Akademiak "Espainiar Hiztegi Biografikoa"-ren lehen aleak argitaratu ditu. Bertan Espainiako historian esanguratsuak izan diren pertsonaia askoren biografiak eskaintzen dira. Hiztegi guztiak bezala, alfabetikoki dago ordenatuta eta F letrara ailegatzean, "Franco Bahamonde, Francisco" pertsonaiarekin egin dezakegu topo (zentzu figuratuan soilik, zorionez). Enkarguz egindako aipamen biografikoa da eta, kasualitatez, Luis Suárez Fernández historiagile frankistari suertatu zaio bere ikono ideologikoa den Francoren bizitza idatziz jartzea. Eta egin du. Espero litekeen bezala, Don Luisek  Don Franciscoren pentsamenduak, esanak eta eginak ordenatu, interpretatu eta (grabeagoa dena) goraipatu egin ditu. Gonzalo Anes historiagile prestigiosoari aurkeztu (bera delako Historia Akademiaren burua) eta honek ontzat eman eta argitara eman du. Don Franciscorekin batera, A eta H letren artean euren abizenaren lehen letra duten pertsonaia "historikoak" hurbilduko zaizkigu.
Obra magna eta garesti honek (3.500 euro balio du) memoria historikoaren mugarria izan nahi du. Baina memoria historikoak memoria kolektiboarekin bat egiten ez duenean historikoa izan barik "histerikoa", "histrionikoa",... izan daiteke.
Eta horixe gertatu da gure biografiatuarekin: Don Luisentzat, Don Francisco ez zen totalitarioa izan, autoritarioa baizik. Hau da, une historiko jakin batean, ordenarik, baliorik, autoritaterik, printzipiorik... ez zegoenean, lidergo gogorra baina ezinbestekoa behar zen eta Francok hori jarri zuen mahai gainean espainiar guztien "onerako". Laguntzaile handiak izan zituen enpresa ohoretsu hartan: eliza, militarrak, oligarkia, gutxiengo ideologiko batzuk (Falangea, karlismoa...) eta, bereziki memoria kolektiboa osatzen duen gehiengo isila, gosetua, grisa...
Baina gehiengo haren memoria kolektiboan garai historiko hari buruz eta bere liderrari buruz grabatuta gelditu zena totalitarismoa izan zen: botere guztiak usurpatu egin zizkioten, erabakitzeko esparruak etxeko sukaldera mugatzen ziren. Gainontzeko eremuak inbadituta zeuden.
Nahiz eta memoria historikoan, liburu ofizialetan idatziz jasota dagoena, eta beti ere Don Luis Suárez Fernández-en interpretazioaren arabera, Franco autoritariotzat hartu, gure barnean, gurasoen barnean gordeta dagoena diktadura totalitario luze baten marka da. Bada ordua beraz errebisionismoei stop ipintzeko (Pío Moa, César Vidal, Martín Rubio, Luis Suárez ...) eta gure historiaren memoria kolektiboa berreskuratzeko. Bidean gelditu zirenen izen ona eta guztion duintasuna jokoan daude.

martes, 1 de marzo de 2011

Harekin hobeto bizi?

Nire laguna den Gorkak argazki hau bidali dit, seguru adarra jotzeko asmoz. Berak ondo daki zenbat gozatzen dudan tabako pixka batekin eta zenbat ahalegindu naizen erretzeari uzteko.
Benetan polita argazkia!! Hala ere, lasaiago nengoke gizontxo horrek besapean makila eraman ordez, puru-habano on bat ezkerreko eskuko atzamarren artean eramango balu. Seguru zoriontsuago ibiliko zela eta, zorte apur batekin, lehenago hil ere. Ahotsa ere aldatuta izango luke: tiple doinua baritono edo tenor bilakatuko zen eta bere hitzaldietako hasiera liturgiko haiek "¡¡españoles!! serioago hartuko genituzkeen.
Egia esanda, argazki inguruko "pintada" argazkia bera baino gehiago gustatzen zait. Izorratuko gara, baina nahiago dugu zu zauden tokian jarraitzea, txikito!. Zorte apur batekin erretzeari utziko diogu!! (Kantabro jakin batzuen baimenarekin, jakina!!)

jueves, 24 de febrero de 2011

Antzerkia Leioan

Adi, lagunok!!
Datorren martxoaren 9an, asteazkena, arratsaldeko 7:00etatik 9:00etara, mundu mailan ezaguna den kafe Huts taldeak "El conjuro" antzeztuko du Leioako Kultur Etxean.
Anima zaitezte, ez zarete damutuko eta!!

Lehen urratsa bide luze eta oparo batean?

Kaixo lagunok:
Hauxe duzue nire lehen blogaren lehen sarrera. Beldur pixka bat, errespetu handia (ni ez naiz oso errespetuzalea, hala ere) eta asmo ezin hobeak.
Bidearen hasieran nago berriro ere eta horrek tripako tximeletak esnatu dizkit.
Beste bide berri bat: hau poza!!!